GELA PEDAGOGIKOAK 20. URTEURRENA OSPATUKO DU

Azaroak 17an burutuko diren ospakizun-ekintzen barruan “Ametsak errealitate bihurtuz; Miguel Madariaga, convirtiendo sueños en realidad” liburua aurkeztuko da, Igor Antonek omenaldia jasoko du eta 16. Bizikletaren Jaia ospatuko da.

“Ikasi, bizikletaz gozatuz” lemapean, Miguel Madariagak bultzatuta eta hasiera batean Euskadi Fundazioari lotuta, Gela Pedagogikoak bi hamarkada daramatza gaztetxoak txirrindularitzaren esparru guztietan hezten. Urte guzti hauetan Gela Pedagogikoak 2.500 haur ingururekin lan egin du haien artean bizikleta garraiobide gisa sustatzen.

Orain, bere hogeigarren urtebetetzea dela eta Gela Pedagogikoaren arduradunek azaroak 17an Derion burutuko den ospakizun erakargarri eta hunkigarria diseinatu dute. Ekintza nagusia Yon Suinagak idatzitako “Ametsak errealitate bihurtuz; Miguel Madariaga, convirtiendo sueños en realidad” liburuaren aurkezpena izango da. Idazleak berak azaltzen duen bezala “sakrifizio eta neke askoz, euskal txirrindularitza mundu mailako elitean kokatu zuen gizonaren biografia da. Herri bat ilusioz bete zuen eta Euskadiren irudirik onena mundura zabaldu zuen”. Kontaketa hau eraikitzeko Suinagak, Madariagaren eguneroko bizitzan eta ibilbide profesionalean ezinbesteko izan diren familiartekoen, lagunen eta pertsonai aipagarrien laguntza izan du.

Gainera, Gela Pedagogikoaren 20 urte hauen ospakizunean Igor Antonek omenaldia jasoko du. Txirrindulari galdakoztarrak aurten bukaera eman dio bere ibilbide profesionalari. Hiru bosturtekoren ondoren bere garaipen-zerrenda ez da edonolakoa; 4 etapa garaipen ditu Espainiako Itzulian eta beste bat Giroan. Horrez gain, txirrindulari bezala izan duen ibilbidea Miguel Madariagari oso lotuta egon da beti.

Eta nola ez, 16. urtea betetzen duen Bizikletaren Jai esanguratsuak tarte nabarmena izango du Gela Pedagogikoaren urteurrenaren ospakizunean. Zaleei denboraldi guztietan zehar erakutsi duten babesa eskertzeko, pedalei elkarrekin eragiteko eta lehiaketari hurrengo denboraldirarte agur esateko antolatutako ekitaldia izango da. Bereziki txikitxoentzako zuzendutako txirrindulari martxa, lau kilometrotako ibilbide erraza izango du Derioko inguruetatik.

Irteera Seminario Eraikinaren ondoan izango duen topaketa honek, urtero bezala hainbat txirrindulari profesionalen parte-hartzea izango du. Izen-ematea 15:00etan zabalduko da eta irteera ordu bete beranduago izango da. Familia, lagunak, bizikleta eta giro ona batuko dituen jai honen bukaeran hornidura puntua egongo da eta parte hartzaile guztientzako oparien banaketa izango da.